Alkatea

Gure Udalak eskeintzen deustan teknologia barri honen bidez, mundu osora agertzen dan udalerri honetatik, Ispasterko alkatea nazanez, ondo etorria emon gura deutsuet webgune hau bisitetako astia hartzen dozuen guztioi: lehenengo eta behin, herritarroi, eta, ostean, munduko euskaldun guztioi.

Nik neuk ezer gitxi esan neike web gune honek eta gure herriak daukienari buruz, baina batzuk aitatzekotan, lehenengo eta behin, bertoko bizilagunen izaerea aitatuko neuke, hain zuzen be, jende behargina eta zabala dalako Ispasterko jendea. Hortik gainera, ezin daitekez ahaztu gure kostaldea eta gure hondartza, gure mendiak eta gure herriko hainbat eta hainbat txoko eder. Holan, nasaitasuna eta sosegua aurkitu daitekez gure herrian. Hori dala eta, Bizkaiko herri lasaienetakoa dala esango neuke.

Gehiago be adierazo gura deutsut, webgune hau bisitatu eta nire berba honeek irakurten zagozan horri. Gure herrian ingurune eta bizigiro berezia igarten da; azken baten, Ispasterrek barruan daroan espiritua bera. Ezin da neurtu, ezin da erakutsi, ezin da kontau, ezin da sinistu, baina nire ogibide bardina daukan aspaldiko lagun batek hauxe esaten deust: “Ispasterren ondo egotea erreza da eta ondo egote horrek ingurua oso-osorik betetan dau, kanpotik datozen guztien bihotzen moduan. Izan be, udalerri honetara hurreratzen dana, zelan edo halan, txundituta gelditzen da hori guztia topetan dauanean. Gero eta gehiago dira horregaz jabetu diranak eta oraindik be Ispasterregaz gozetan jarraitu gura dabenak.

Ondorioz, lerro honeek irakurten dituan danakaz eta, zelan ez, gure herriko guztiakaz hartu-emonetan egotea gurako neuke. Izan be, gogora ekarri gura dot beti dagoala hartuemon sendoakaz bakarrik zabaldu daitekean zer edo zer.

Amaitzeko, gure herrira etorteko gonbidapena luzatzen deutsut. Ez zara damutuko. Gure herriko jendea zabala, abegikorra eta bihotz onekoa da, eta edonor konturatuko da horregaz Ispastertik igarota.
Ikusi arte!

Garbiñe Saenz de Buruaga
Ispaterko alkatea

Ispasterko udala

Helbidea:  Elexalde auzoa 9, 1 solairua

Telefonoa: 94 684 29 99 / 94 684 40 25

Faxa: 94 624 34 70

E-maila: udala@ispaster.net